2009-09-13 Gurasoen gutuna

Jarraian duzuena Egiako 77 gurasoek sinatutako gutuna da, Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratu zen irailaren 13an.

Egiako umeek ez dute jai ekitaldirik merezi

Aurtengo Porrontxo jaietan, Egiako umeek ez dute ia jai ekitaldirik izango. Zergatik? Donostiako Udalak bertan behera utzi dituelako berak gaztetxoenentzat antolatutako kultur ekitaldiak, eta areago, auzoko kultur etxean bulegoa duen Gazte Lokalekoei ezer antolatzea debekatu dielako. Parkea erabiltzea ere galarazi du. Eta hori dena festak hasi baino astebete lehenago jakinarazi du. Gogorra, ezta? Dena dela, herritarrok Udalaren jokaera ulertzeko ahalegina egin beharko genuke. Gehienetan, itsu-itsuan hasten baikara agintariak kritikatzen. Arrazoietara jo behar dugu, beraz; Udalak emandako arrazoietara.

Antza, arrazoietako bat honako hau da: joan den urtean txosnek, kontzertuek… ez omen zuten gaueko ordutegia bete. Normala, beraz, Udalak umeentzako kultur ekitaldiak bertan behera utzi izana. Ondotxo baitakigu denok Egian, beste inon ez bezala, 5 eta 6 urteko umeak ibiltzen direla ordu txikitan dantzan eta zurrutean. Beste arrazoi bat: krisia dela eta, aurrekontua murriztu izana. Oso arrazoizkoa, ondotxo baitakigu denok dirua, derrigorrez, kultur arlotik kendu behar dela. Eta kasualitate hutsa dela, noski, murrizketak egiten hasita, Porrontxoetako ekitaldi guzti-guztiak kendu izana. Parkeari dagokionez, iaz puzgarri eta jai elementu gehiegi sartu zirela dio Udalak. Inork pentsa lezake, kasu horretan, Udalak jai elementu gutxiago sartzea proposa zezakeela. Oker dabil, ordea: parkea erabiltzea debekatzea da logikoena. Eta Udalak ez al du hau dena berandutxoegi jakinarazi? Ez, bada! Ekitaldiak duela urte erdi hitzartuta zeuden, eta festak hasteko astebete falta denean eman die erabakiaren berri Porrontxoen antolatzaileei; prozedura arrunta eta arrazoizkoa.

Begibistakoa da Udalak arrazoi sakonak dituela. Begibistakoa da zenbaitek ez dituztela arrazoi horiek ikusi nahi. Eta begibistakoa da Donostia Europako kultur hiriburua izan dadin, ez dagoela umeei haien auzoko jaietako kultur ekitaldiak kentzea baino neurri egokiagorik. Eskerrik asko, Odon.

No Comments.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>