Igoera mundiala egin dugu, gure lehenengo koadrilek gidatuta

Ez gara zenbatzen hasiko, baina atzoko koadrilen igoera azken urteetako jendetsuena izan zen ziurrenik. Eta horretan izango zuen zerikusirik, Porrontxo Jaien 30. urteurrenean, gure lehenengo koadrilei egin genien omenaldiak. Bejondeiela!

20.00ak pasatxo zirela, dena prest zegoen Egiako pasabidearen sarreran, aurreneko koadrila horietako kideei merezitako omenaldia egiteko. Kide horietako batzuk hunkitu samar ikusi genituen. Egongo ez ziren ba, haiek agurtzera agertu zen jendetza ikusita? Haiek hasitako festa xume horiek zer neurri hartu duten ikusita? Eta omenaldia bete-betean zela, hara non agertzen zaigun Odon, bizikleta eta guzti! Hauteskundeetako kolpeak seko jota utzi du, antza, beteranoen omenaldian parte hartzera etorri baitzitzaigun, eta gainera, beste ‘beterano’ batzuek lagunduta: Bilintx, Txirrita eta Marilyn Monroe! Odon gizajoak uste zuen besoak zabalik hartuko genuela, baina ez zen horrela izan… Hain zuzen ere, aurten koadrilen mozorroetarako aukeratutako gai nagusia izan da bera. Ardi Galduak koadrilak atzo banatutako pegatinek dioten bezala, “Esto con Odon no pasaba”.

Hala, Odonen ‘show’-aren ondoren hasi zen eromena, koadrila beteranoetako kide batzuek txupina bota zutenean. Gora Porrontxo Jaiak! Ohi bezala, txarangak, Porrontxok eta Porrontxinak lagunduta egin genuen igoera. Bueltan, Karmengo Aman, batukadak hartu zuen txarangaren lekukoa, eta gero gerokoak… Koadrilen karaokea, besteak beste, Plaza Berriko Karp-totxan: baten bati tinpanoak leherrarazi arte egin genuen kanta!

Gaur, gehiago.

No Comments.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>