Egiako Jaiak 2011

  • Bidali jaietako irudiak!!!

    Aurtengo porrontxoetan atera dituzun argazki eta bideoak pasaizkiguzu mesedez! baina kontuz, ze guk publiko egingo ditugu!!!

    ondorengo sistema bitartez igo ditzakezu edo bestela porrontxoak@gmail.com postara bidali

  • Porrontxo Jaietako Krosa: sailkapena

    Aspaldiko partez, festak bete-betean zirela egin dute Porrontxo Jaietako Krosa, gaur goizean.

    Sailkapena, hemen.

  • Inoizko larunbatik luzeena bizitu dute koadrilek

    Nobedade handi bat zuen Porrontxo Jaietako atzoko egitarauak: koadrilek hala erabakita, bazkaria egin genuen, afariaren ordez. Hala, egun osoan ibili zen blusa koloretsu mordoa, joan-etorrian, goizean goizetik ordu txikiak arte. Euriak ez gintuen kikildu!

    Goizean, jan-edanean aritzeko aukera zabala izan zen Plaza Haundin. Ohiko sagardo-dastaketari eta patata-tortilla lehiaketako parte-hartzaileen pintxoei, euskal txerri errea gehitu zitzaizkien. Ez zen lan erraza izan hura erretzea, baina bai esker onekoa: jendeak ilara luzea egin zuen txerria dastatu ahal izateko, baita gustura jan ere. Atariko ederra izan zen hori, jarraian egin genuen koadrilen bazkarirako. Nola edo hala mahai guztiak Plaza Haundiko teilatuen pean jarri eta gero (euriak ere Porrontxoetan egun-pasa egin nahi, antza), 400 lagundik gora elkartu ginen, jai-giro ederrean. Etengabeko parrandak sukalde-lanetarako tarte handirik utzi ez, eta entsaladak eta antzeko plater errazak izan ziren nagusi, baina besteak beste, hegaluzea, paella eta Adarragako tartak ere ikusi genituen mahai batzuetan. Eta nola ez, bukatzeko, kafea, patxarana eta pattarra guztiontzat.

    Digestiorako ia denborarik hartu gabe, koadrilen olinpiadari ekin genion gero, Plaza Berriko Karp-Totxan. Proba gogorrak egin behar izan zituzten parte hartu zuten sei koadriletako kideek, eta batek baino gehiagok zorabiatuta, bustita edo aurpegia irinetan eta kola-kaoan murgilduta bukatu zuten. Probetako batean epaileen erabakiek piztutako polemikak Champions-eko partiden pare berotu zuen giroa, baina hura konpontzeko proposatutako azken proba alternatibo eta erabakigarriarekin zuzendu zen arazoa: koadrila bakoitzeko kide batek edo batzuek bere talentu bat erakutsi behar izan zuten jendaurrean. Hasieratik olinpiadetan aurrea hartu zuen Xirri-Tarrak koadrilak Ben Parhan bere fitxaje herbeheretarrari eman zion erantzukizun osoa, eta aspaldi egiatartu zen kaxkagorriak ez zuen hutsik egin: Haizea Sanz koadrilakideak lagunduta eta Xirri-Tarrakeko gainontzeko kideen babespean, ederki asko dantzatu zuen Agurra. Hala, blusa more-berdedunek lehenbizikoz irabazi dituzte olinpiadak aurten.

    Olinpiadak bukatzerako gaua gainean genuen ia, eta harekin batera, bisitari porrontxozaleak etortzen hasiak ziren. Plaza Haundi eta Plaza Berri gainezka egon ziren atzo gauean; bai kale-jiran, baita ordu txikiak arte luzatu zen festa-giro sanoan ere.

  • Igoera mundiala egin dugu, gure lehenengo koadrilek gidatuta

    Ez gara zenbatzen hasiko, baina atzoko koadrilen igoera azken urteetako jendetsuena izan zen ziurrenik. Eta horretan izango zuen zerikusirik, Porrontxo Jaien 30. urteurrenean, gure lehenengo koadrilei egin genien omenaldiak. Bejondeiela!

    20.00ak pasatxo zirela, dena prest zegoen Egiako pasabidearen sarreran, aurreneko koadrila horietako kideei merezitako omenaldia egiteko. Kide horietako batzuk hunkitu samar ikusi genituen. Egongo ez ziren ba, haiek agurtzera agertu zen jendetza ikusita? Haiek hasitako festa xume horiek zer neurri hartu duten ikusita? Eta omenaldia bete-betean zela, hara non agertzen zaigun Odon, bizikleta eta guzti! Hauteskundeetako kolpeak seko jota utzi du, antza, beteranoen omenaldian parte hartzera etorri baitzitzaigun, eta gainera, beste ‘beterano’ batzuek lagunduta: Bilintx, Txirrita eta Marilyn Monroe! Odon gizajoak uste zuen besoak zabalik hartuko genuela, baina ez zen horrela izan… Hain zuzen ere, aurten koadrilen mozorroetarako aukeratutako gai nagusia izan da bera. Ardi Galduak koadrilak atzo banatutako pegatinek dioten bezala, “Esto con Odon no pasaba”.

    Hala, Odonen ‘show’-aren ondoren hasi zen eromena, koadrila beteranoetako kide batzuek txupina bota zutenean. Gora Porrontxo Jaiak! Ohi bezala, txarangak, Porrontxok eta Porrontxinak lagunduta egin genuen igoera. Bueltan, Karmengo Aman, batukadak hartu zuen txarangaren lekukoa, eta gero gerokoak… Koadrilen karaokea, besteak beste, Plaza Berriko Karp-totxan: baten bati tinpanoak leherrarazi arte egin genuen kanta!

    Gaur, gehiago.

  • Haurrak izan dira Egia hartzen lehenak

    A zer martxa duten gure gaztetxoek! Ederki gozatu dute gaur jaitsiera, Karmengo Aman behera, Porrontxo eta Porrontxinarekin saltoka eta dantzan eta balkoien azpian “Ura, ura!” eskatuz. Blai eginda daude orain, Plaza Haundin, aho zabalik Txan Magoari begira: “Artxila, murtxila!”.

    Izan ere, joan den astelehenaz geroztik eta gaur arte, haurrak izan dira Porrontxo Jaietako ia erabateko protagonista. Apar-festan freskatuta egin zioten aurre astelehen sargoriari. Asteartean, gurasoak inbidiatan izan zituzten, askari goxo-goxoa jan baitzuten: txokolatezko edaria bizkotxoarekin lehenik eta txokolatea talo artean gero. Horiek ilara luzeak Plaza Haundin! Eta atzo, haur-jolasak eta eskulan-tailerrak. Bihar haurren eguna da eta oraindik ere izango dute zer gozatu: entzierroa, Hipo eta Tomax pailazoak, Antxeta-Ttan Ttakunek prestatutako tailerrak…

    Baina orain, helduen txanda da! Koadrilen igoera Atotxatik!

    (Egitaraua)