Prentsaurrekoaren edukia

Parte hartze handia iragarri dute Porrontxo Jaietako Koadrilek. Hori izango da Alkateak eta Kultura arduradunak egindako mehatxuei erantzunik onena.

Parte hartze handia lehen egunetan:
30 urteurrena ospatzen hasi gara dagoeneko. Motorrak berotzen hasi ginen larunbatean. Akelarreak arrakasta handia izan zuen, eta aste kulturalari hasiera ezin hobea eman genion. Atzo eta gaur, haur gazte eta ez hain gazte plazan bildu gara eta tailerrak, laburmetrai emanaldiak, talo egiteez gain, gaur Gastroporrontxo eguna dugu. Eta haurrentzako puzgarriekin batera “Porrontxo Jaietako Tabernen II. Pintxo Lehiaketa” egingo dugu auzoko jende ezagunak eta elkarteetako kideek osaturiko epaimahaiarekin eta trikitilariek alaituta. Ezin dugu ahaztu, iluntzean, Frantziskotarretan “Herioa eta Dontzeila” antzerkia izango dugula, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Asier Osa eta Fito Rodriguezen auzoko idazlearen eskutik.
Bihar, egun handia dugu. Egun herrikoiena akaso. Buru handi eta erraldoiek lagunduta haurrek jaitsiera egingo dute Egian barrena eta helduagoek igoera.

Txupinarekin batera ekingo diogu urteroko bide dibertigarri eta esanguratsuari, koadrilek hartuko dituztela kaleak eta datozen hiru egunetan Egian gozatu eta parte hartzeko izango denaren isla izango da. Aurten txupinazoa berezia nahi dugu, eta lehenengo mailara igotzea lortu duen Eskubaloi taldea omentzeaz gain, jai herrikoien aldeko aldarria nahi dugu egin. Eta horretarako, azken hilabeteotan babesa agertu diguten jai herrikoietako eragileak gonbidatu ditugu. Ohorea izango da Ezkila kapitaina geurean izatea. Asko dugu eta eskertzeko piratek aurtengo Aste Nagusian Porrontxo Jaiekin agertutako elkartasuna.

Ostiralean gazte egun tropikalaz gain, haur eta gazte eguna ospatuko dugu, baina guztientzako lekua izango dela zalantzarik ez izan. Entzierroa pailazoak, xake eta basket txapelketak, trikitilariak, buru handi eta erraldoiak, antzerkia, dantza, Sudurluze bertso lehiaketa eta Bolinga Sound System, besteak beste.

Larunbata egun handia izango da aurten. Lehen Sagardo Eguna ospatuko dugu aurten, 30 urteurrena ospatzen dugula aitzakia hartuta. Musika eta kutur eskaintza zabalak lagunduta sagardo dastatzea egingo dugu eguerdi aldetik aurrera. Eta iluntzean Jam Sessiona, dantzaldia eta kalejira egingo ditugu urtero legez.

Igandean entzierroa egingo dugu, ondoren pilota finalak, bertso saioa, bazkaria, herri kirolak sardina jatea, erromeria eta bukatzeko azken traka.

Festarako aukerarik eta grinarik ez zaigu falta eta azken egunotako parte hartzea handia izan da oso, pozik gaude auzotarren erantzuna eta parte hartzearekin eta datozen egunotan izango den parte hartzea handia izango denaren seinale da hori.

Alkateari eta laguntzaileari:

Kultur adierazpen garrantzitsua da hau, badirudi ordea batzuek ez dutela begi onez ikusiko gerta ala gerta. Ikusi besterik ez, udara honetan zehar tira eta buelta ibili eta gero, dagoeneko adostutako akordioa oinarri hartu eta guri mehatxuka hasi zaizkigunean Odon Elorza alkatea eta haren ondoko Denis Itxaso Kultura arduraduna.

Ordutegiak eta beste bete ezean, zentimorik ere ez digutela emango, hori da esan dutena. Ahaztu zaie ordea, hori dagoeneko jakina dela, euren udal gobernu kideen bitartekaritzarekin adostua genuela, sinatu arazi digutela, bazekitelako, nahiago genuela hori Egia festarik gabe utzi baino.

Egoera euren kontrolpean dutela adierazi nahi izan dute festen bezperan. Zinemaldia edota beste edonolako ospakizunak tarteko ekimen pribatuei (taberna, ostatu, pub eta diskotekei) ordu txikiak arte zabalik izateko baimenak eman bai, baina festa herritarrei ez. Eta azkenik, ordutegi murritzagoak ezarri dizkiguzue.

Itsasok zioen akordioa Udalaren fede onaren erakusle zela orain aste batzuk, baina badakigu ez dela horrela, badakigu, Denis, zuk ez zenuela atzera egin nahi festak debekatzeko hartutako erabakiarekin eta badakigu ez garela zure gustuko. Elorzak eta Itsasok dagoeneko jakin bagenekiena, mehatxu moduan erabili dute hedabideen aurrean, akordioa erdietsi eta nolabaiteko adostasuna lortu dugula goraipatu eta horri balioa eman beharrean.

Hau da hau, Donostia aldeko festa herrikoienetariko bati ongi etorria emateko modua. Mehatxuak eta mehatxuak. Hau da hau konponbiderako jarrera. Gurekin ez duzue bildu ere egin nahi izan eta orain hedabideetara jotzen duzue zatarkeriatan aritzeko gainera.

Ba, hori ez da gure estiloa, hori ez da gure nahia eta hori ez da gure bidea. Gu eraikitzaileak gara, festa sortzaileak eta partehartzea bultzatzaileak gara, soldatarik gabeko herri lana bultzatzen dugun herritarrak. Beraz, neurtu zeuon hitzak, neurri murriztaileak hartzeko bizilagunen babesa duzuela baitiozue, baina Egian badakigu zer den herritarrek duten iritzia.

Ba, Alkate jauna, guk ere badugu zer esanik edo hobe esan eginik, eta zuok bezalako jendilajeari erantzuteko modurik onena, Porrontxoak inoiz baino gogotsuago ospatzea izango da, inoiz baino jende gehiago biltzea eta urtetik urtera egin dugun bezala, auzotarron ongizatea hobetzea.

Ez gara zuen atzaparretan eroriko, badakigu, ondotxo jakin ere neurri ekonomikoekin ito nahi gaituzuela, baina jai herrikoien mugimendua zabala da eta indarrak bildu ahala, eta herritarren iritzia aintzat hartuta erronka berriak eskuratzeko prestasun osoa dugu eta horri ekingo diogu bihar bertan.

One Comment
  1. hori da hori, eman egurra!!!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>