ZORIONAK EGIA!!! Porrontxoek aurrera egin dute!

Azken trakarekin agur esan genien Porrontxoei igande gauean, mozorro, kolore, festa, eta irriz igaro genituen 4 egunak amaitutzat emanez. Orain neke eta anekdoten artean, Donostiako Udalari milesker esan nahiko genioke…

milesker egiatarrok merezi ditugun jaiak emateagatik,
milesker gure haurrei inoiz ahaztuko ez ditugun irrifarreak sortarazteagatik,
milesker gazteei erakusteagatik,  auzokideon arteko elkarlanak zeinen emaitza ederrak ematen dituen,
milesker kirola, musika, dantza, janari,  edari eta bertsoak euriaren gainetik loratzen laguntzeagatik…

baina ez… Odon, Denis… eta zuekin lanean dabiltzatenak ez duzue eskerrik merezi. Egiako koadrilok eman diogu auzoari gehien merezi duen gauzetariko bat; alaitasuna. Porrontxo eta Porrontxinaren sudur luzeak Donosti goikaldean sendo eta pozik altxa dira 4 egunez, eta orain atseden hartu ostean, zaudete ziur lanean jarraitzeko prest gaudela. Donostia Kulturaren Hiriburu Europarra 2016an izateko helburuaz mintzo zaretean, zuei handitu behar litzaizueke sudurra, zuenak bai porrontxoak!!!

Eguraldiak, ez gaitu lagundu, baina hala ere lagun mordoa batu gara ekitaldi eta jolasetan, eta larunbat gauean Plaza Haundi lepo zegoen, urtero legez. Ostiral eta larunbat gauean zalaparta atera genuen bai, baina festek hori dakarte ezinbestean, eta gazte, heldu, langile eta auzokide guztiok aukera hori merezi dugu. Atsedena hartzea ere guztiok merezi dugun zerbait da, eta orain 363 egun digu atsedenerako. Guztiok pozik egoteko atseden eta festa oreka polita da ezta?

Ordutegiak? Udal teknikari batek larunbatean ekarri zizkigun informeen arabera ostegun eta ostiralean ez genituen bete. Udalak ere ez du herri osoaren beharrak asetzeko azterketa gainditu, ikasi ere ez duela egiten dirudi.

Ondorioak ikusiko dira, baina ez gaitezen engainatu, ordutegiak aitzaki bat besterik ez dira, joko zikina darabilte Donostiako jai herrikoiak kaleetatik kentzeko. Umeen jolasak debekatu zituztela  ezkutatu zuten auzokideei bidalitako gutunean, Gladys Enea erabiltzea debekatu ziguten, jaiak hasi baina 10 egun lehenago hasi zuten debeku eta mehatxu erasoa, eta gurekin hitzegiteko zita nekez atera genien, emaitza gutxirako gainera.

Umeentzako jolasen debekuaren gainetik alternatibak sortu eta gazte zein gurasoen artean ekintza ugari burutu genituen. Aurrera atera gara “por narices!”

Urriaren 7an Koadrilen batzara burutuko dugu, eta han balorazio sakonago bat egin eta aurrera begira hartuko dugun bidea zehaztuko dugu.

Ez da izan Porrontxoen azken urtea, ez horixe, ziur egon lanean jarraituko dugula jai herrikoi, parekide eta partehartzaileen alde. Egiako koadrilok eskua luzatua dugu dantzarako, baina baita ere lanerako. Egiatarrok maite ditugun jaiak direlako, Porrontxo jaiek aurrera egingo dute!!!
Porrontxoetako Koadrilak

No Comments.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>